XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer hartuko duzue, andereñook? - Nik kafesnea, eta zuk?- galdetu nion Marthari.

- Garagardo bat, mesedez.

Harrituta gelditu nintzen, ez bait nuen uste neska gazte hark alkoholik edango zuenik, coca-cola edo horrelako freskagarriren bat eskatuko zuelakoan nengoen eta....

Bestalde, ez nekien tabernetan gazteei horrelako edaririk eman ziezaieketenik....

Agian zahartzen hasia nintzen eta hauek lehen sintomak izango ziren.

Zerbitzaria oso azkar ibili zen eta gu hizketan hasi baino lehen bazekartzan eskatu genituen gauzak.

Kontua nik ordaindu nuen, garesti samarra izan zela aitortu beharra daukat gainera.

Kafesnea hartu bitartean zigarro bat erretzeko ohitura daukat, beraz zigarro kaxa atera eta, gizabidetasuna dela eta, Marthari bat eskaini nion.

Berriz ere txundituta utzi ninduen zera esan zuenean: - Ez, mila esker, nik ez dut zigarro gorririk erretzen - hau esanda tabako beltz kaxa bat atera zuen.

Ba al duzu txiskero edo poxpolorik? - Bai - erantzun nion bere zigarroa eta nirea pizten nituen bitartean.

Aspalditik erretzen al duzu? - Tira... eta ke ahokada bat bota zuen urtebete da hasi nintzela.

Ama hil zenetik.

- Gogorra izango zen, ez? - Bai, hala da, baina gure aita zoragarria zen eta gu aurrera ateratzea lortu zuen.

- Hori entzun dut nik ere, oso gizon jatorra zela.

- Oso ona zen, baina, gizon guztiek bezala, akats bat zuen.

- A bai?- galdetu nion dena iradoki zerbait aterarazi nahian.